Musika Bulegoa Sariek 10 euskal artista eta talderen lana aitortu dute bere 6. edizioan
Partekatu
Musika Bulegoa Sariek bere seigarren edizioa ospatu dute gaur arratsaldean Barakaldoko BEC-en. Azkeneko bi urteetako garai ilunak alde batera utzita, euskal musika panoramako sari garrantzitsuenek bere ohiko formatua berreskuratu dute eta ekitaldia irribarre, besarkada eta jai-giro apartarekin ospatzeko aukera egon da. Noski, zuzeneko aktuazioak ez dira falta izan, normaltasunerako bidea irekita dagoela erakutsiz.
Ekitaldian izan dira, besteak beste: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria, Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatu Lorea Bilbao, BEC-eko zuzendari orokor Xabier Basañez eta Musika Bulegoko zuzendari Aitor Bengoetxea. Guztiak, sektoreko ehun profesional baino gehiagok lagunduta: musikariak, ekoizleak, managerrak, programatzaileak…
Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak, bertoko artista, talde edo musika proiektuek iaz burututako lana saritu ditu aurten ere eta 100 proposamen baino gehiagoren artean -proposamen hauen erdietan baino gehiagotan emakumeak izan dira buru- egin da aukeraketa. Sarien helburuak dira, besteak beste, euskal musikaren sektorea balioan jartzea, artisten lanak sustatzea, haien lanak ezagutzera ematea eta bultzatzea eta erakusleiho izatea.
Sektoreko 8 profesionalek osatutako epaimahaiak honako zortzi artista edo talde saritu ditu seigarren edizio honetan: ‘Amak’, ‘Chill Mafia’, ‘Ether Ensemble’, ‘Ramon Lazkano’, ‘Gaur’, ‘Maite Larburu’, ‘Olatz Salvador’ eta ‘Verde Prato’. Bestalde, ‘Trio Zukan’ek eskuratu du Etxepare Euskal Institutuaren Musika Saria euskal musika gure mugetatik kanpo zabaltzeko egin duen lanarengatik. Saritutako 9 proiektu hauek 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura jaso dituzte.
Azkenik, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko (EHMBE) zuzendaritza-batzordeak sari berezia eman dio Motxila 21 taldeari “bultzatzen duen elkartasuna eta musikarien arteko elkarlana eredugarria delako”. Motxila 21-ek ere Mikelarenaren eskultura jaso du. Balio bera duten 10 sari hauen artean ez dago inolako kategorizaziorik. Hau da, irabazleek egin duten lana goraipatu nahi izan da gaur eman diren aitortza hauekin.
Sektorearentzako bereziki zaila izan den 2021. urtea, ordea, oparoa izan da Euskal Herriko musikarentzat. Izan ere, musikariz, kazetariz, musika-programatzailez, eta hezkuntzaren eta kulturaren mundutik datozen pertsonez osatutako adituen epaimahaiak ez du bat ere erraza izan aurten. Iritsitako proposamenak kalitate handikoak izan dira eta aukeraketa egiteko lana izan dute. Deialdi honetara estilo askotako musika lanak aurkeztu dira: pop-rock-urban, musika klasiko garaikidea, folk, jazz edo musika elektronikoa, besteak beste. Euskara izan da proposamen gehienen hizkuntza nagusia (% 59), lan instrumentalek pisua irabazi duten arren (% 22). Gainerako lanak gaztelaniazkoak izan dira (% 11) eta hamar proiektutik ia bat beste hizkuntza batzuetan egin da.
Aurreko edizioetan bezala, aurten ere zuzeneko emanaldiez gozatzeko aukera izan dute BEC-era hurbildutakoek. Honela, Chill Mafia, Gaur, Ether Ensemble, Maite Larburu, Verde Prato eta Amak zuzenean ikusteko aukera egon da. Maria Ereña musikariak, ETSren Zurekin Batera abestiaren leloa abestu duenak, eta Txalaparta Beat taldeak eman diote hasiera Amaia Artetxe kazetariak aurkeztutako ekitaldiari.
Seigarren edizio honetan, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren, Etxepare Euskal Institutuaren eta LABORAL Kutxaren babesa jaso du Musika Bulegoa Sariak ekimenak.
Hemen irakurri dezakezu irabazleen dosierra.
Partekatu
Hauek ere interesatuko zaizkizu
2024/04/10Berriak,Musika Bulegoa SariakDeialdia amaitu da
EMAN BOTOA MUSIKA BULEGOA 2024 SARIETARAKO ZURE ARTISTA GOGOKOENARI!
Musika Bulegoa Sarien zortzigarren edizioak berrikuntza garrantzitsu bat dakar: Publikoaren Saria. Epaimahai profesionalak emandako zortzi sariez gain, hemendik aurrera publiko orokorrak 2023ko bere…
2022/02/24Musika Bulegoa Sariak
100 proposamen baino gehiago Musika Bulegoa Sarien seigarren ediziorako
Ehun lan baino gehiago, erdiak emakumeak buru direla, lehiatuko dira Euskal Herriko Musika Bulegoak antolatutako euskal musika panoramako sari garrantzitsuenak diren Musika Bulegoa Sariak 2022…
2021/05/19Musika Bulegoa Sariak
Musika Bulegoa Sariak 2021
Musika Bulegoa Sarien bosgarren edizioa burutu berri da. Aurrekoetan bezala, edizio honetan ere, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak, bertoko artista, talde edo musika proiektuek iaz burututako…
2021/04/19Musika Bulegoa Sariak
107 proposamen lehiatuko dira 2021eko Musika Bulegoa Sarietan
Musika Bulegoa Sarien bosgarren edizioa abian da. Oso urte zaila izan da euskal musikaren sektorearentzat, COVID-19ak sortutako pandemiak gogor jo baitu. Hala ere, edizio berri honek baikortasuna…
2020/03/09Musika Bulegoa Sariak
Musika Bulegoa Sariak 2020 sari-banaketa atzeratu egin da
Martxoaren 10ean Gasteizen banatu behar ziren Musika Bulegoa Sariak 2020 sarien antolakuntzak sari-banaketaren data atzeratzea erabaki du Koronabirusaren hedapena gelditzeko Arabako hiriburuan hartu…