Fermin Muguruzak jaso du Etxepare Euskal Institutuaren Musika Saria; Javier Corral "Jerry"-k EHMBE Ohorezko Saria eta Xabi Aburruzagak Publikoaren Saria
Musika Bulegoa Sarien hamargarren edizioan ezagutzera eman dira 2026ko sarituak. Biarritzeko Atabal aretoan ospatutako ekitaldian, euskal musikaren gaur egungo aniztasuna, sormena eta kalitatea aitortu dira, hamaika sari banatuz.
Aurtengo epaimahai profesionalak EZEZEZ, Izaki Gardenak, Jon Sáenz, Maite Larburu, Maite Ruiz de Erentxun, Ødei, Olaia Inziarte, eta Sara Zozaya saritu ditu. Haien lanek euskal musikaren gaur egungo errealitate anitza erakusten dute, estilo, formatu eta lengoaia artistiko askotarikoak ordezkatuz.
Etxepare Euskal Institutuaren Musika Saria Fermin Muguruzari eman zaio, euskal musika eta euskara nazioartean zabaltzeko egindako ibilbide eta EHMBE Ohorezko Saria, berriz, Javier Corral "Jerry"-rentzat izan da, musika kazetaritzan eta euskal musikaren zabalkundean egindako lan esanguratsua. Publikoaren Saria Xabi Aburruzagak jaso du Bask lanagatik, ia 3.000 lagunen botoei esker.
Hamargarren urteurrena ospatu duten sariak Atabal aretora itzuli dira aurten, eta lehen aldiz publiko orokorrari ireki zaizkio. Ehun profesional eta gonbidatu baino gehiago bildu dira bertan: artistak, musikariak, sortzaileak, komunikabideetako ordezkariak, erakundeetako arduradunak eta musikaren industriako eragileak.
Musikak ere protagonismo handia izan du ekitaldian. Olaia Inziartek ireki du gala zuzeneko emanaldi batekin, eta ondoren Sara Zozaya, Maite Ruiz de Erentxun, Izaki Gardenak eta Ødei ere igo dira oholtzara.