Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak Euskal Herriko programatzaile publiko eta pribatuei zuzendutako deialdia ireki du, MUST +PRO 2027 topagune profesionalean parte har dezaten.
Topaketa honen helburua musika-sektoreko eragileen arteko esperientzia-trukea, ikaskuntza eta harreman profesionalak sustatzeko gune bat sortzea da. Hautatutako pertsonek hainbat jarduera profesionaletan parte hartzeko aukera izango dute martxoaren 17an eta 18an, Gasteizen. Jarduera profesionalak Europa Jauregian egingo dira; zuzeneko musika-emanaldiak (showcaseak), berriz, IAK, Arkabia eta Jimmy Jazz aretoetan.
Deialdia Euskal Herriko programatzaile eta kudeatzaile publiko zein pribatuei zuzenduta dago. Ekimen honen bidez, euskal musika-sektoreko proiektuak, proposamen artistikoak eta profesionalak ezagutzeko aukera eskaini nahi zaie, harreman profesional berriak sortu, lankidetzak bultzatu eta kontratazio-aukerak sustatzeko.
Hautatutako pertsonek nahitaez parte hartu beharko dute martxoaren 17an eta 18an, 17:30ean, egingo diren speedmeeting saioetan, baita bi egunetan 19:00etatik 23:00etara programatutako showcaseetan ere.
Bertaratzea errazteko, Musika Bulegoak hainbat laguntza eskainiko dizkie hautatutako programatzaileei, haien profilaren eta bizilekuaren arabera.
Eskaerak 2026ko abenduaren 2ko 23:59ak arte aurkeztu ahal izango dira, izena emateko formularioaren bidez. Aukeratutako pertsonak abenduaren 4an jakinaraziko dira posta elektronikoz.