Musika Bulegoak eta Gerediaga Elkarteak DA! PROren zortzigarren edizioan musika-programazioko profesional gisa parte hartzeko izen-ematea ireki dute. Topaketa azaroaren 26an egingo da, Durangoko Azokaren barruan.
DA! PROren helburua musika-programazioko profesionalak artistekin eta musika-proiektuekin harremanetan jartzea da, euskarazko proposamen berriak ezagutarazteko eta musikaren sektoreko harreman profesionalak sustatzeko.
Data eta lekua
2026ko azaroaren 26an, 9:00etatik 14:00etara, San Agustin Kulturgunean.
Topaketaren formatua
Hamar musika-proiektuk 10 minutuko aurkezpenak egingo dituzte programazioko profesionalen aurrean. Bertaratzen direnek aurkeztutako proiektuei buruzko informazioa jasotzen duen lan-koaderno bat izango dute, eta atsedenaldian zein aurkezpenak amaitzean proiektuen arduradunekin harreman zuzena izateko aukera izango dute.
Aurkezpen guztiak euskaraz egingo dira. Atsedenaldian kafea eskainiko da, eta topaketa amaitzean lunch txiki bat egingo da.
Nori zuzenduta dago?
Kultur kudeaketako eta programazioko profesionalei, sustatzaileei, jaialdietako arduradunei eta areto, antzoki zein bestelako espazioetako arduradunei zuzenduta dago, beren programazioetan euskarazko musika-proposamen berriak txertatu nahi dituztenei, hain zuzen.
Izen-emateko epea
2026ko urriaren 19tik azaroaren 23ra.
Musika-programazioko profesionalentzako izen-ematea: Eman izena hemen
Informazio gehiago: proiektuak@musikabulegoa.eus.